Orain aste gutxi, gobernu taldeak (PNV) prentsaurrekoa eman zuen, aurrekontu proposamenaren berri emateko. Bertan, inbertsioak aurreko ekitaldietako soberakinekin egingo zirela esan ziguten. Zer soberakin? Azken urteetan onetsi eta egin ez diren proiektuetarako bideratuta zegoen diru kopuruarekin? Hau al da aurreztea? Azal iezaiozue herritarrei “soberakin” horiek, exekutatu gabeko proiektuetatik datozela, eta ez benetan aurreztu duzuelako.
Bestalde, 2013ko aurrekontu proposamena egin zitzaigunean, 2012ko erreferentziak kontuan hartu direla azaldu zitzaigun, baina hori ez da egia. Murrizketak aplikatu dira zenbait partidetan, eta ez zaigula egia azaldu salatzen dugu.
Ezin dugu ahaztu 2007 eta 2011 urteen artean udalak 60 milioi inguru gastatu zituela inbertsioak egiteko. Eta oraindik, horietako batzuek sortzen dituzten gastuak ordaintzen jarraitzen dugu. Egun, ez dago inbertsioak egiteko ahalmenik. Berriz ere eskatzen dugu herritarren parte-hartzearekin garatutako aurrekontuak diseinatzeko.
Aurten, proiektu potolo biplanteatzen ditu gobernu taldeak (Urki-Hegoalde eta San Fausto zentro zibikoa). San Faustoko auzokideen parte-hartzeagaz zer nolako azpiegiturak behar dituzten aztertzea eskatzen dugu, beharrezkoak diren zerbitzuak bideratzeko (nagusien zentroak, etxebizitzak egokitzeko laguntzak, ludotekak…). Hau guztia Auzo Elkartearen bitartez diseinatzea proposatzen dugu, hau da, San Faustoko herritarrak izan daitezela euren auzoan zer nahi eta behar duten erabakiko dutenak. Era horretan, ikusiko dugu zentro zibikoak daukan lehentasuna edo beste zenbait proiektuk.