Gaurkoan Nartzisoren historiarekin nator, bai bere buruaz maiteminduta zegoenaz eta bai bere inguruan zegoena ikusteko gai ez zenaz, uste baitzuen bera zela guztiaren erdigune. Ez da milonga bat, Nartziso hau Durangon baitaukagu.
Arraroa izan arren, orain, bai, orain erabaki dira Durangon aurrekontuak. Bost hilabetez egon gara aurrekontu gabe eta hori Nartzisok (PNV), hauteskunde kanpainan behin eta berriz aipatu zuela zeukan esperientzia handia. Ez zuen behar beste inork esatea, berak bakarrik jarri zuen domina hori paparrean.
Aurrekontuak aztertzerako orduan ere arazo handiak izan genituen informazioa ez zegoelako edo informazio hori eman nahi ez zigutelako. Hau oso ohikoa da Durangoko udaletxean, zinegotziak sarritan dokumentu berbera behin eta berriz eskatzera behartuta gaudelako, eta batzuetan asko luzatzen dira epeak dokumentu sinpleak gure eskuetara iristeko. Nartzisok (PNV) udaletxea berea denaren sentimendua baitu eta ez da ohartzen herritar denena dela. Agian izango da ez duelako bere zilborretik haratago ikusten.
Horretaz gain gezurretan ere aritu dira, medioetan esan baitute elektoralismoaz jokatu dugula ez genuelako hurrengo Lehendakariaren alderdiarekin argazkirik nahi. Guk ez dugu inongo gonbidapenik jaso beraiekin batu eta gure iritzia emateko. Nartzisok (PNV) berea bakarrik ikusten duenez ez zaiolako beste inor axola eta bere buruari estima handiegia dio.
Azkenik, aurrekontuak luzatu (aurreko urtekoak errepikatu) egin dira, alor bakoitzerako bideratuta zegoen dirua berdina izan behar delarik. Baina Nartzisori (PNV) ez zaizkio gustatu aurrekontuak eta arriskua dago dekretutzar bidez (beraiek soilik erabakita) nahi duen aldaketak egiteko, bere gustukoak izan arte.
Herritarron lana da Nartzisori (PNV) azaltzea beste bat baino ez dela, ezin duela nahi duena egin, talde batean dagoela eta gehiengoak zerbait erabakitzen badu bete egingo dela.