Ikasturtea hastearekin batera, entrenamendu saioak ere hasten dira eta lagunarteko partidak jokatu edo topaketa ezberdinetan parte hartu arren, 'denboraldiaurrea' luze egiten da.
Aurten ere, gurean, Durangaldean, saskibaloia sasoi onean dago, baina ezin gara lotan geratu, gure kirolak gogor jarraitzea nahi badugu. Hau guztia aurrera eramateko lan egiten dute entrenatzaileek, epaileek eta eskola laguntzaileek (aurten programa honen 25. urteurrena ospatuko dugu), guraso elkarteek, klubek… Ezinbestekoa dugu elkarren arteko lana sustatzea emaitzak emankorrak izan daitezen. Ez dugu ahaztu behar egitasmoak jende askoren ekarpenari esker eramaten direla aurrera, eta denek merezi dute bere errekonozimendua.
Betiko moduan, entrenatzaileen inguruan aipamen berezia egin nahi nuke. Zorionez, asko gara. Zorionez, gazte askok ematen dute pauso bat aurrera eta beraiei esker ditugu taldeak martxan. Erreleborik gabe ezinezkoa litzateke etorkizuna bermatzea. Horretarako, formakuntza egokia bideratu, adostu, landu, eta erraztu behar dugu beraientzako egokia eta erakargarria den formakuntza lantzeko. Beraien eskuetan egongo delako etorkizueko jarraipena. Entrenatzaile gazteen formakuntza mimoz eta erantzukizunez garatu beharreko proiektua da. Beraz, denboraldi hasieran, gogoratu dezagun saskibaloia gozatzen, lantzen eta ikasten ari garela eta horregatik talde lanean aritu, disfrutatu eta animatu behar dugula. Aurrera!