ACBn, Surne Bilbao Basketek denboraldi bikaina osatu du: bigarrenez jarraian FIBA Europe Cup txapelketa irabazi du, ACB ligan zazpigarren amaitu du eta kanporaketetarako sailkatu da. Azkenean, gerora txapeldun geratuko zen Valencia Basketen aurka agurtu zuen denboraldia. Datorren denboraldiari begira ere etxeko lanak aurreratuta ditu. Oinarri sendoari eutsita, lau fitxaketa lotu ditu dagoeneko: Adam Somogyi eta Dan Duscak joko-antolatzaileak, Nate Darling hegalekoa eta Bastien Vautier pibot sendoa. Urtero bezala, txalotzekoa da Rafa Pueyok eta Jaume Ponsarnauk egiten duten lana. Bestalde, Kosner Baskonia ere hizpide da azken egunotan. Momentuz dakigunarekin, Paolo Galbiatik zuzenduko du taldea datorren denboraldian ere. Momentuz diot Galbiati Bartzelonarekin lotzen duten zurrumurruak daudelako. Lehen fitxaketa ere egin du: Dewayne Stewart Jr. joko-antolatzailea, kalitate eta sendotasun handiko jokalaria.
Emakumezkoen Liga Endesan, Gernika KESBk aurrera egingo du datorren denboraldian ere, nahiz eta oraingoz babesle nagusirik ez izan. Denboraldi zaila aurreikusten da, baina Gernikan ez dira inoiz falta izan lana eta ilusioa.
Gure inguruan, Tabirakoko gizonezkoek FEBeko Hirugarren Mailan jokatuko dute, aurtengo denboraldi bikaina oinarri hartuta. Lehen helburua mailari eustea izango da. Emakumezkoek, berriz, aurtengoa hobetu eta igoera fasean sartzea izango dute erronka.
Aurrera eta uda ona izan!