Lehenengoa eta nabarmenena: Baskonia Kopako txapeldun. Egia esan, inork gutxik espero zuen halakorik. Hala ere, orain “forofogoitia” askok agertu dute beren profezia omen zela zuzena. Horregatik, garaipen honek balio bikoitza du: azken urteotan erdibidean geratu den proiektu bati bultzada emateko eta etorkizunerako oinarri sendoagoa jartzeko. Aupa Baskonia!
Surne Bilbao Basket ere une onean dabil, nahiz eta Burgosen aurkako porrotak segidako garaipenen bolada ederra eten duen.
Nesken saskibaloian, ordea, Emakumeen Ligako euskal taldeak ez dabiltza hain ondo. Sailkapenari begiratuta, Gernika eta Araski beheko postuetatik ihes egiteko borrokan ari dira. IDK Euskotren, berriz, hasiera bikain hartatik (bost garaipen jarraian) urrun geratu da jada, eta azkenaldian sei porrot jarraian pilatu ditu. Badirudi aurten nabarmen igo dela ligako maila eta gure taldeak hori nabaritzen ari direla.
Bien bitartean, gure inguruko taldeek ere aurrera jarraitzen dute. Durangoko Tabirako Baque klubeko bi talde nagusiak lan bikaina egiten ari dira eta garaipenez garaipen dabiltza. Horrela jarraituz gero, biek izango dute aukera mailaz igotzeko fasea jokatzeko; mutilen taldeak ditu aukerarik sendoenak hori lortzeko.
Ea Baskoniak eragindako olatu onak gure gainerako taldeei ere indarra ematen dien: batzuek mailaz igotzea lortzeko, eta beste batzuek, berriz, duten mailari eusteko. Izan ere, saskibaloizale asko gara eta horrelako albisteek komunitatea are gehiago indartzen dute.