Gurean, bi alde nagusi dira kontuan hartzekoak. Batetik, gure taldeen kirol emaitzak eta egoerak, eta, bestetik, hurrengoetara begira eta aurtengoa errepika ez dadin, entrenatzaile berrien inguruan landu beharrekoak.
Kirol emaitzak eta egoerak ez dira txarrak. Mutiletan, Tabirako Baqueren talde nagusia topera dabil Lehenengo Mailan. Emaitza eta joko ona, talde gaztea indartuz eta oinarria sendotuz. Albiste onak dira horiek. Emakumeen talde nagusia, ostera, hiru porrotekin hasi eta gero lau partida jarraian irabazita, momentuz sailkapenean zazpigarren postuan dago, beste bi talderekin batera. Ezin dute lo hartu aurretik geratzen dena lasai eraman gura badute.
Bestalde, esan bezala, ezinbestekoa da entrenatzaile berrien formakuntza eta partaidetza zabaltzea, gure kirolak epe ertainean jarraipena eta hobekuntza bermatuta izateko. Taldeen, eta ondorioz jokalarien zenbakiei begiratuz, gure kirola sasoi onean dago, baina jarraipena bermatzeko ezinbestekoak dira entrenatzaile berriak.
Opor egun hauetan ere gozatuko dugu saskibaloiaz. Gabonetako topaketak, Bilbao Basketen zein Baskoniaren partiduak ikusten… saskibaloian beti topera, ezin baitugu beste modu batera bizi. Egunotan ondo pasatu denok!