Iaz esandakoak gaurkotasuna izaten jarraitzen du aurten. Geroago eta entrenatzaile gutxiago dago gaur egun. Urteak aurrera doaz eta eurekin batera, entrenatzaile modura aritzen direnak ere urteak egiten ari dira. Hainbat urtez jarraian aritu direnei, euren bizitzaren zati garrantzitsua izan bada ere, lehenago edo geroago heldu(ko) zaie uzteko momentua, eta erreleboa eskatuko dute. Benetan esanguratsua da Tabirakoko talde nagusi bien entrenatzaileak, bata Zumarragakoa eta bestea Gernikakoa izatea. Eskerrak hemen direla! Mutilen bigarren taldea, ostera, entrenatzailerik barik dago, adibidez. Noiz arte horrela? Betidanik saskibaloi klubaren ardatz izan dena kamuts dago momentu honetan.
Alde positiboak ere badira. Zorionez, entrenatzaile lanetan aritzeko prest daudenak ere badaude. Gazteak, baina euren aldetik prestutasun osoa dutenak eta entrenatzen gogotsu hasi direnak. Transmisioaren adibide dira eta sekulako meritua dute. Euren esku izango da, epe ertainera, gure kirolaren nondik norakoa.
Honi guzti honi aurre egiteko, ahalik eta lasterren heldu beharko zaio gai honi. Irtenbideak bilatu beharko dira. Oinarrizkoa da.