Zaharrak berri

Erabiltzailearen aurpegia Unai Zamalloa Zubiaurre (Saskibaloia)

Zaharrak berri izan dira ligako azken txanpetan. Urtean zehar ikusi duguna berretsi da eta ez da egon azken uneko aldaketa esanguratsurik. Amaitu da aurtengo denboraldia, eta, aurrekoan esan bezala, emaitzen aldetik ez da guztiz ona izan eskualdeko gure taldeentzat. Maila galerak egon dira (Zornotza S.T. mutilak eta Tabirako Baqué mutilak) eta txapelik ez dugu eskuratu, nahiz eta txapeldunordeak baditugun gure artean. 

Dena dela, aurten ospatzekoa da gure kirolak bizi izan duen hazkundea inguruotan. Umeen eta gazteen saskibaloi taldeak asko dira, nesketan gehienak, baina mutilen saskibaloia ere hazten ari da apurka. Hurrengo denboraldirako ditugun zenbakiek hazkundeak jarraipen bat izango dutela erakusten digute. Berri pozgarria da saskibaloia maite dugunontzat eta kirol honen sustapenean dihardutenentzat.

Baina txanponaren beste aldea aipatu beharra dago. Taldeak gidatzeko eta gure kirolaren oinarria sendotzeko, entrenatzaileen eta saskibaloi begiraleen falta nabarmena dago. Arlo horretan hutsune bat nabari da eta horrek zailago bihurtzen ditu gauzak. Zenbakiak gordinak eta gorriak dira, eta horrek, denon artean, epe labur eta ertainera begira bete beharreko lanak argi uzten dizkigu. Arlo honetan ere lan egin beharra dago jokalari gazteen gorakadan izan den igoerari ahalik eta erantzunik onena emateko. 

Jokalarien zenbakiak gorantza doaz, beraz. Entrenatu eta gidatuko dituztenenak, ordea, ez doaz norabide berean. Egoera hau irauli egin beharko dugu hurrengo urteei begira. Entrenatzaile berriak erakarri behar ditugu, eta lanean ari direnak indartzeko eta garatzeko ekintzak antolatu eta bideratu behar dira. Erremintarik aproposenak eman behar dizkiegu euren lana ahalik eta ondoen burutu dezaten. Hori barik, gero eta zailagoa izango da gure helburua lortzea. Beraz, jarrai dezagun lanean!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!