Horrela ba, Tabirakon neskek gogor ekin beharko diote goiko postuetan sartzeko. Horrek beste oinarri bat gehituko luke taldearen osaketa edo eraketan, aurreko urtean momentu gogorrak bizi ostean. Ez dugu ahaztu behar jokalari gazteez osatua dagoela, eta lehenengo mailaren moduko txapelketa batean ezinbestekoa da esperientzia puntu hori ere, argi geratu den moduan asteon ANBOTOk Miren Arini (taldeko kapitainari) egin dion elkarrizketan. Hurrengo zazpi jardunaldietan jokatzen da goiko postuen borrokan amaitzeko aukerak irabaztea.
Mutilek, ostera, zuloan sartuta eta bertatik irteteko ezintasun argiarekin jarraitzen dute. Baina, egia esan, taldearen hobekuntza handia izan da azken jardunaldietan. Taldeak egiten duen lanak emaitza positibo gehiago ez izateak ez du justizia egiten. Garaipen gehiago izan beharko lituzke bere zorroan.
Zornotzan ere ilundu egin da kontua. Taldea azken postuan dago. Egia esan, ez da emaitza onik egon eta proiektu berri honek huts egin du. Javi Garciaren ordez, Iñigo Nuñez entrenatzailea fitxatu du taldeak. Egoera zaila da, baina azken segundora arte borrokatu beharko da, datorren urtean Zilarrezko LEB mailan jarraitzeko aukerarik izateko.