Taldearen lana, emaitza bikaina

Lerro hauek idazten hasi nintzenean argi nuen zeri buruz arituko nintzen. Eta eguaztenean, Bilbao Basketen FIBA Europe Cup-eko partidua ikusita, ezinbestekoa egin zitzaidan izenburuaren eta testuaren bitartez adierazi nahi dudana.

Eguaztenean, Bilbao Basketek 28 puntugaitik irabazi zion Varsoviako Legiar-i (81-53), aurreko astean aurkari beraren kontra aspaldiko partidurik txarrena jokatu eta gero (83-64). 19 puntugaitik galdu zuen joaneko partiduan. Beltzetik zurira igaro ziren, tartean Granadaren kontrako ACBko partidua azken minutuetan galduta. Partidu garrantzitsua, zer esanik ez, baina bertan geratu zen.

Hala eta guztiz ere, egunotan entrenamenduetan egindako lanak bere fruituak eman zituen. Talde lanaren emaitza izan zen. Talde lanak zuzentzen eta osatzen ditu okerrak. Bide horretatik heltzen dira garaipenak. Batzuetan denbora gehiago hartuko du, beste batzuetan epe laburrean helduko da, baina helburua betetzeko bide zuzena talde lana da beti. Oinarri bat eraikita badago, berriro bide ona hartzea errazagoa egin daiteke, eta Jaume Ponsarnau Bilbao Basketeko entrenatzaileak hori gogoratu zuen aurreko partidua jokatu eta gero. Zorionak denei!

Gurera etorrita, Durangon, eskola guztiek eta Tabirakok lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Elkarrekin egindako lana indartzea du oinarri hitzarmen horrek. Hainbat urtean, pandemia tartean gertatu zela ahaztu gabe, landutako akordioa sinatu zuten. Hurrengo urteetarako Durangoko saskibaloiaren garapenaren abiapuntua izatea da helburu nagusia. Hemen ere, Bilbao Basketen antzera, talde lana da helburuak betetzeko biderik aproposena. Batzuetan ez da erraza izaten ideiak bateratzea, baina akordioa agente ezberdinen artean landutakoa izateak balioa ematen dio. Kasu honetan ere, oinarri sendoak jarri dituzte, etorkizunera begira lan egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!