Atzo San Tomas, eta laster Olentzero, Gabonak, Gabon zaharra, urte berria… Bai, 2023 bukatzen ari da eta gure talde guztiek indarra berriztuko dute 2024an topera hasteko.

Egunotan umeen eta gazteen maila ezberdinetako Gabonetako topaketak egongo dira eta denek saskibaloiaz gozatzeko aukera izango dute. Zaldibarren, Zornotzan, Durangon… saskibaloia protagonista izango da. Ligek atseden hartuko dute, baina saskibaloia ez da geldituko eskualdean!

Era berean, gure taldeek, orain arte landu eta jasotakoaren hausnarketa egingo dute eta denboraldiaren bigarren zatirako planteamenduak eta prestaketak landuko dituzte, urtea gogor hasi eta topera bukatzeko. Horretan arituko dira Tabirako Baque talde nagusi biak. Neskek, azken partiduan erakutsitako hobekuntzarekin eta lan onarekin jarraitu behar dute, konfiantza berreskuratu eta sailkapenean dagokion lekura itzultzeko. Talde langilea da eta kasu batzuetan zorte txarra izan du. Aurrera, neskak! Mutilak, ostera, goiko postuetan daude, nahiz eta azken partiduetan ez dabiltzan nahi bezain erregular. Baina taldea goian ibiltzeko ondo bideratuta dago. Jarraitu gogor!

Zornotzako mutilen aurtengo hasiera ez da betikoa izan Zilarrezko LEB mailan. Txarto ohituta gaude… Aurten, berdintasuna da nagusi eta ikusten den moduan edozein taldek irabazi diezaioke aurkariari. Zamora Enamora taldea izan ezik, beste talde guztiak bi partiduren barruan borrokan dabiltza sailkapenean.  Aurrera!

Zornotzako neskak, ostera, Lehenengo Mailan hasiberriak dira eta Tabirakorekin batera daude sailkapenean. Aurrera!

Ezin dut amaitu egunotan denon ahotan dagoena aipatu gabe. Gernikan zein edozein lekutan, 'gehiagorik ez'! Amaitzeko, zorionak eta Urte Berri on denoi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!