50 urteren ondoren, Durangoko saskibaloia nesken taldeek osatzen dute gehienbat, eta hurrengo urteetan ere horrela izango da. Adinez adin zenbat gazte eta talde dauden ikusita, gure herriko saskibaloian oinarri nagusi direla esan daiteke.
Banan banan izendatzen hasten banaiz, 50 urte hauetan izandako jolakalari, entrenatzaile, talde ordezkari, zuzendaritza taldeko partaide, klubeko buru, nagusi… zerrenda bukaezina izango litzateke. Baina denen ekarpenaren balioa azpimarratzeko modukoa da. Ikustea baino ez dago noraino heldu den ordutik hona. Eskerrik asko denoi!
Lehenengo urte hartatik denbora asko joan da, bide luzea egin dute eta gaur egun gogor jarraitzen du proiektuak. Zenbakiei erreparatuz gero, behintzat, horrela da. Baina oinarritik gogor landu beharko dugu egitura hau hazi dadin eta beste hainbeste urtean iraun dezan. 50 urte ospatzeak indarra berritzeko balioko du eta hurrengoetarako bateria kargatuko digu. Lanean jarraitu behar da kirol helburuak bete eta hobetzeko eta, era berean, baita klubaren egiturari gogor eusteko ere.
Bizipen asko gertatu dira bidean. Gure bizitzetako zati garrantzitsu bat bihurtu dira eta hurrengoetarako ere lotura izango dute. Beraz, kluba eta klubeko neskak zorionduz amaitu nahi nuke gaurko zutabea. Lortutakoa handia da eta aurretik datorrena beste hainbestekoa izatea espero dut. Zorionak, neskak! Zorionak, Tabirako!