Emaitza aldetik, gure inguruan denboraldi ona izan da. Orokorrean, emaitza onak izan dira nagusi eta alde horretatik gustura egoteko moduan gaude.
Teknei Zornotza ST aurten ere play offetan azkeneko minutura arte egon da borrokan. Itzela izan da denboraldia, eta baita bukaera ere, nahiz eta finalerdietan kanpoan geratu diren zornotzarrak. Gainera, kluba hazten ari da apurka-apurka. Urtero zenbakiak gora doaz eta gaur egun maila guztietan ditu taldeak, bai nesketan bai mutiletan.
Tabirako itzel aritu da nesketan. LF-2ra sartzeko azken pausoa emateko ez da sailkatu, baina bere aukerak izan ditu eta gogor borrokatu da. Oinarria sendo dago.
Mutiletan, ostera, urte gogorra izan dute. EBA mailan mantentzeko, azken partidara arte aritu dira. Baina ez dute lortu. Datorren urtean, zer? Taldearen oinarria eratuta dago gutxienez.
Aurtengoa amaitu da eta datorren denboraldira begira daude orain gure klubak. Taldeen egitura indartu, jokalari eta entrenatzaileak lotu, eta bukaerako hausnarketa ezberdinen emaitzekin 2023-2024 denboraldia finkatu. Laster, berriro ere denboraldiaurrea etorriko da eta konturatu orduko ligak martxan dira berriro.
Bien bitartean, badago saskibaloiaz gozatzeko modua Durangaldean. Batzuek Udako Campusetan parte hartuko dute, beste batzuk lagunekin eta kuadrillan arituko dira han eta hemen… kontua da oporretan ere saskibaloian jokatuko dugula.
Ondo ibili denok, gozatu saskibaloiaz eta bueltara arte!