Sasoian sasoikoa

Negua aurrera doa eta soloak prestatzen ari dira, haziak erein eta maiatz-ekainean fruituak jasotzeko prest egongo dira. Aurten, gainera, negu gogor honetatik, indarrez, topera dator uzta.

Batez ere, nesken taldeetan. Tabirako Baqué topera dabil. Aurretik idatzitako zutabean, bigarren garaipena jarraian lortzeak ekarriko zuen konfiantza azpimarratzen genuen. Ezinbestekoa izango zela taldeak lantzen duen joko kolektiboa indartzeko eta taldearen esparru guztiak pausoz pauso indartzen joateko. Emaitza horiek gaur egungo egoera bikaina ekarri dute eta taldearen jokoa eta indarra gero eta handiagoa egiten dute. Joan zen asteburuan hamargarren garaipena eskuratu zuten jarraian, CB Araba taldearen kantxan 53-57 irabazita. Liga erregularreko sailkapenean bigarren postuan daude, Ibaizabal galdakoztarrengandik bi partidura eta Araskirekin berdinduta. Hain zuzen, zapatu honetan Ibaizabal liderraren kontra jokatuko dute durangarrek, Landako kiroldegian. Ia bigarren itzulian oinarri sendo honekin aurrea hartu eta Emakumeen Liga 2rako igoera fasean parte hartzeko aukera izaten duten.

Mutilen taldeetan, ostera, Teknei Bizkaia Zornotza topera dago. Azken hiru partiduak irabazi ditu jarraian eta bere jokoa aurretik egindako lanean dago oinarrituta. Horren euskarri nagusiak, Iker Salazarren moduko jokalariak dira. Lana, lana eta lana oinarri izanda taldearen izakera eta indarra sustatzen dutenak dira. Sainz de la Maza, Mendia, Alberto Cabrera, Oier Ardanza… eta talde osoa izanik elkarren arteko lanarekin goiko postuetan egotea gogor eutsiko dutenak. Asteburuan Zilarrezko Ligan azken postuan dagoen Cazoo Baskonia taldearen kantxan jokatuko dute.

Aurrera! Ondo landutakoa gora dator. Ia uzta oparoa jasotzen dugun!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!