Eta egunotan, aurreko aldian idatzitakoa oker zegoela esanez, Teknei Zornotza Saskibaloi taldeko jokalariek, COVID 19a dela-eta atzeratuta zegoen Melilla-Grupo eta Alega Cantabria taldeen arteko partidua jarraitu zuten etxetik, eta Melillak irabazi zuen! Eta zer esan nahi du horrek? Zornotza Saskibaloi Taldea Zilarrezko Leb Kopako finalera sailkatu dela. Finalera, alajaina! Eta finala non jokatuko eta Zornotzan bertan! Hori bai bada itzela!
Teknei Zornotza S.T.- Sant Antoni Ibiza Feeling taldeek jokatuko dute aurtengo Zilarrezko Leb mailako Kopa finala. Larunbat arratsaldean izango da, Larreako Kiroldegian. Sarrerak salgai daude dagoeneko.
Partidu borrokatua izango da. Bi taldeak bigarren sailkatuta daude ligan momentu honetan, bakoitza bere multzoan. Teknei Zornotza 13 garaipenekin eta 7 porrotekin dago eta Sant Antoni Ibiza Feeling 14 garaipenekin eta 6 porrotekin. Beraz, antzerako garaipen eta porrot kopurua daukate.
Gainera, talde biek bermea eskaintzen duten jokalariak eta talde-jokoa dituzte. Horiek horrela, partidu batera ez dago aurreikuspen zuzenik egiteko aukera askorik. Burua eta bihotza ondoen uztartuta jokatzen duenak aukera gehiago izango ditu irabazteko eta garaikurra jasotzeko. Bide horretan, Mikel Garitaonadiak, zornotzarren entrenatzaileak, ondo kudeatuko du taldea. Aurrera, mutilak!
Amaitu aurretik, aipamen berezi bat egin gura diot Tabirako Baqueko mutilen taldeari. Lehenengo mailako Kopako txapeldunak dira. Mondragon Unibertsitatea taldearen kontra jokatu zuten finala, non eta Arrasaten bertan. Lehenengo zatian hartutako abantailari eutsi zioten bigarrenean, eta garaikurra Durangora ekarri zuten. Zorionak!