Oraindik COVID-19a ez daukagu urrun. Pandemia egoera hau luzerako doala ematen du, eta, horren aurrean, gure kirolaz gozatzeko neurriak hartu behar ditugu. Geure burua zaindu behar dugu, baina horrek ez digu eragozten gure kirolaz gozatzea. Ondo pasatzea baita helburua.
Gure taldean zelan egiten dugu? Bakoitzak bere baloiarekin arituz, banakako teknika lantzen dugu jolasen bitartez. Gure entrenamendu orduan, ahalik eta denborarik gehien baloiarekin jolastea eta ondo pasatzea da helburu nagusia. Entrenamenduan ez gara geldirik egoten. Baloiarekin alderik alde gabiltza. Gehienez sei laguneko azpitaldeak eratuta, kantxa osoan zehar aritzen gara gure ariketak egiten.
Ez dut gehiagotan murgildu nahi. Hau ez da saskibaloi entrenamendu saio baten 'master class' bat. Honekin, bizitzen ari garen egoera latz honetan, norberaren kirol saioak egitean jaso behar ditugun momentu on eta pozgarriak lantzeko erabiltzen dudan modu erraza da. Eta, noski, era berean entrenamendu bakoitzean, saskibaloian bakoitzak eta taldeak aurrera egiteko era bat da. Nire kirolean, nire taldekideekin, ondo pasatu eta landu!
Beharbada, Aste Santuko oporren ostean, egoera hobetu eta bide onetik jarraitzen badugu, herriko taldeen artean jokatu ahalko dugu. Horrek esan nahiko du denok hoberantza egiten egongo garela. Sintoma ona izango da gu denontzat eta gizartearentzat.
Bitartean, gozatu kirola eginez! Zaindu eta aurrera!