Euskal Kopa honek talde askoren parte hartzea lortzen du, eta, orain, mutiletan EBA mailako finalak izango dira, Arrasaten, asteburu honetan zehar. Hitzordu horrek aurten Tabirako-Baquek izan dezakeen denboraldiaren aurreikuspena egiteko aukera ematen digu.
Azken urteetan lehenengo mailan egon eta gero, Julen Berrocalen taldeak egindako lana oso ona izan da. Bai defentsan, bai erasoan, aurrera egin dute jokalari guztiek, eta batez ere gazteek. Eurek ere osatzen dute aurtengo plantilla. Bi jokalari berri gehitu dira taldera: Imanol Orue, Zornotzan bi urte maila onean eman ondoren; eta Miguel Zamora, bertan ikasten ari den gazte madrildarra. Honek guztiak bere alde positiboa dauka: taldearen oinarria eta bere jokatzeko era aurretik eratuta daude eta indartu egiten ditu. Alde negatiboa, edo zailtasuna izango dena urtean zehar, EBA mailan urte askotako esperientzia duten talde asko izango direla. Nire ustez, horixe izango da zailena, batez ere denboraldiaren hasieran.
Baina, honen guztiaren aurrean, eta denboraldi hasiera bertan dela, ilusioa da nagusi eta talde honen lanak emaitza ona ekarriko du. Ziur naiz horrela izango dela. Aurrera!