Tabirakoko bi talde nagusiak, gizonena zein emakumeena, goiko postuetan ari dira borrokan. Zornotzak, aldiz, azken partiduetan behera egin du; hiru porrot izan ditu, bata bestearen atzetik.
Zornotzarrek gora egin zuten abenduko partiduetan, partidu bikainak jokatuta eta aurkari gogorrei irabazita. Ez dauka zerikusirik oraingo joko mailarekin. Plasenciaren aurka jokatutako partiduan taldeak emandako itxura ez zen batere ona izan. Egoera hau moztu beharra dago, ahalik eta arinen moztu ere, berriro garaipenen bidera itzuliz.
Tabirakoko mutilek ere galdu egin zuten, baina lehenengoaren aurka eta haien kantxan, eta partidua azken minutura arte borrokatuta. Defentsatik hasita partidu osoan lan gogorra burutu zuten arren, azken minutuetan ez zuten erasoan asmatu eta ezin izan zuten garaipenarekin itzuli.
Tabirakoko neskak ere antzeko martxan ari dira, partidu bakoitza minutu guztietan borrokatuz eta lan itzela eginez. Azken partidua, Araskiren aurka, zaila bihurtu zen, baina gure taldeak ez zion lana egiteari utzi eta, azkenean, partidua lotu zuen. Lanerako beti prest dagoen taldea da, inondik ere. Hurrengo partidua ere gogorra izango da Bera Beraren aurka. Ligako goiko postuak oso borrokatuak dira eta emozioa egongo da.
Horrela, ba, gure taldeei denboraldi erdia geratzen zaie euren helburuak betetzeko. Ekin lanari eta… aurrera!