Gure taldeak, aurrera!

Denboraldia aurrera doa. Irailean idatzitakoaren errepaso bat egin dut, eta orduan gai bakarra zegoen denon ahotan, Ametx Zornotza. Hori irailean izan zen, uda guztian izandako prozesuaren bukaeran.

Orain beste egoera bat dela dirudi. EBA mailan bikain eta gogor ari da taldea. Porrot garrantzitsu bat izan zuen Santanderreko Estelaren aurka, baina, orokorrean, nagusitasun handiarekin ari da. Joko bikaina eta ikusgarria, bere fisikoa nagusituz. Liga erregularrean taldearen indarra eta jokoa lantzen eta lehenengo postuan amaitzen saiatuko dira. Ondoren, play-off partiduak etorriko lirateke eta Zilarrezko LEB mailara igotzeko fasea…. Ikusiko dugu! Aurrera!

Beste mailetan, ostera, gauzak borrokatuago daude. Nesken Lehenengo Mailan, Tabirako Baqué bere lana ondo ari da egiten, nahiz eta azken partiduan porrota izan azken minutuan La Salleren aurka.
Tabirako Baqué mutilen taldea ere goiko postuetan ari da borrokan, nahiz eta azken partidua, San Cernin liderraren aurka, 6 puntugatik galdu Iruñean. Egia esan, taldearen lana oso ona da.

Gure taldeen lana ona izanik, aurten ere denboraldi polita eta gogorra biziko dugu. Aurrera!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!