Ametx Zornotza

Bukatu da denboraldia. Itzela, ederra! Baita ere zaila, gogorra, borrokatua, landua, emozionantea,…. Berbak eta sentipenak etengabe datozkit burura eta gorputzera, azken asteetan Mikel Garitaonandiak zuzentzen duen taldeak egindako lanari buruz pentsatzen hastean.

Denboraldi gogorra izan da. Lesioek zaildu egin dute taldearen lana, erabat. Alde horretatik, momentu latzak pasatu ditu taldeak. Ondo hasi arren, partidu asko galdu zituzten, eta sailkapenaren beheko postuetan ere egon zen. Taldeak lan asko egiten zuen partidu horietan, baina ez ziren emaitzak heltzen. Baina burua galdu beharrean, lanean setati jarraitu zuten, eta lesionatuak errekuperatzen zihoazen heinean, garaipenak lortzen hasi ziren. Helburua, “play-off”ak jokatzeko sailkapena lortzea. Behera begira egon beharrean, gora begira jartzea. Eta lortu zen. Hortik aurrerakoa, denok daukagu buruan eta bihotzean.

Labur esanda, urte ederra izan da. Zaila eta gogorra. Baina berriro diot: Mikel Garitaonandiak zuzendu duen taldeak lortutakoa itzela izan da. Aurrerapauso handia eman du klubak. Ezin dut ahaztu Joxe Etxebarria, klubeko presidentea. Larrean jaso zituen txalo zaparrada eta omenaldia. Benetan merezitakoa!

Besterik ez daukat idazteko. Gaur arlo tekniko-taktikotik ez daukat buruan ezer. Bakarrik poztasuna eta eskerrak ematea.

Eskerrik asko!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!