Aurreko denboraldian, umetxoen talde guztiak 3x3 aritzen ziren, Eskola Kirolak eta Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren ustetan, denen parte hartzea eta bakoitzaren joko garapena lantzeko ezinbestekoa zirela-eta. Eta, egia esan, ume askok zein ume gutxik osatzen zituzten talde guztiek parte hartu ahal izan zuten. Izan ere, aurreko denboraldietan, 8 ume baino gutxiagoko taldeak ezin ziren txapelketan sartu.
Egia esan, hasieran ez nintzen guztiz ados egon, baina denboraldia aurrera joan ahala, gero eta alde positibo gehiago ikusten nituen. Batez ere, ume bakoitzaren banakako taktikaren eta teknikaren garapena lantzeko.
Baina, denboraldi bukaeran, Bizkaiko Klub eta Ikastetxe askoren eskutik, berriro ere umetxoen mailan 5x5 jokatzeko eskaera egin zen, eta, azterketa bat egin ondoren, aurten bi aukera ditugu: 3x3 txapelketa, eta 5x5 denboraldi erdia eta 3x3 beste erdia jokatzea.
Horrela, Durangoko talde guztiok bigarren aukera hau hartu dugu. Baina, nire ustetan, eta talde eta banakako jokoaren garapen zuzena lantzeko, lehenengo fasea 3x3 izan beharko zen. Dena dela, joango gara aztertzen eta lantzen, umeen garapena eta saskibaloian gozatzea inoiz ahaztu gabe.
Asteburu honetan izango dira lehenengo partiduak. Aupa neska-mutilak! Gozatu!