Badira hainbat talde gure eskualdean, eta saskibaloia finkatzen dabil; nahiz eta, aurretik hausnartu eta esan bezala, talde gehientsuenak neskenak diren, eta mutilen partaidetza gure kirolean gero eta urriagoa den. Hala ere, talde handiak ditugu (Zornotza Saskibaloi Taldea, Tabirako Baqué, Bilbao Basket, Baskonia …), eta horiei esker partaidetza handiagoa landu eta sortu beharko litzateke.
Denboraldi-aurrea luze egiten da, irailean hasi baitziren talde guztiak entrenatzen. Horrek lagunarteko partidu ugari dakartza. Horregatik, ikastetxeen arteko partidu asko jokatu dira. Hausnartu beharrekoa da, benetan, urtero eskola kirolaren hasiera beranduago izatea.
Beraz, gogoz itxaroten gaudena hastear dagoen honetan, gogoratu dezagun saskibaloia gozatzen, lantzen eta ikasten ari garela, eta horregatik disfrutatu eta talde osoa animatu behar dugula. Epaile lanetan arituko direnen aipamena ere egin gura dut, horiek guztiak gabe ezin delako aurrera egin.
Bukatzeko, entrenatzaileei indarra eta eskerrak eman nahi dizkiet. Beraiek barik, denak boluntario, ez legoke ezer. Bakoitzari dagokiona eman behar zaio.
Aupa saskibaloia! Denboraldi ona izan!