Urte zaila eta gogorra Mikel Garitak, Fernan Azkuneren laguntzarekin, lantzen duen taldearentzat. Hasieratik, lesioak izan dira topera aritzeko taldearen indarra moztu dutenak. Unai Calbarroren lesioa izan bada latzena, urteko hainbat momentutan jokalari asko izan dira lesionatuta eta jokatu ezinik. Guzti horrek, mailaz igo berri den urtean, zailtasunak handitu egiten ditu.
Hala eta guztiz ere, taldea ez da inoiz makurtu, eta lan benetan ona egin du. Guztiak egon izan balira, playoffetan zein postutan aritzekotan izango ziren? Ez dakit. Dakidan gauza bakarra, izandako zailtasun guztiekin eta bost partidu jokatzeke direlarik, datorren denboraldian berriro maila gogor honetan arituko direla ziurtatuta dagoela da. Zorionak!
Zornotza ST kluba sendo handitzen ari da, eta egiten den lan ona eta handia ere goraipatu nahiko nuke lerro hauetan. Azkeneko urteetan oinarritik egiten ari den lanaren fruituak hasi dira nabaritzen, eta laster izango dira gehiago.