Abuztua bukatzear dela, gure inguruko talde guztiak aurredenboraldian murgilduta daude. Aurten aldaketak izango dira gure taldeetan, baina den-denek ilusioz eta gogoz lan eginda, denboraldi ona izateko esperantza dute.
Tabirakoko talde nagusi biak indartsu hasi dira eta aldaketa nagusia nesken taldean izan da. Alberto Molinak hainbat denboraldi bikain egin eta gero, aurten Jesus de Vicente izango da entrenatzailea. Aldaketa honekin, ea aurreko urteko denboraldia borobildu eta aurten goragoko mailara igotzeko aukerarik duten.
Mutilen taldean ez dago entrenatzaile aldaketarik, baina aurten Tomas de Castrok jokalari gazte asko talde nagusira igo dituenez, bada nahikoa berrikuntza. Honek zailtasunak ekar ditzake, baina lan gogorra eginda eta denen konpromisoarekin, denboraldi polita izan daiteke.
Aldaketa nagusia Zornotza taldeak izango du. Joan zen denboraldian LEB mailara igo ziren Mikel Garitaonandia entrenatzailearen eta Ibon Carreto jokalariaren gidaritzapean. Aurten, dena dela, durangar bi gehiago izango dira taldean: Fernado Azkune entrenatzailea eta David Quero jokalaria. Beste hainbat jokalari berri izango dira: Iker Salazar, Borja Mendia, Unai Calbarro… Jokalari berriek taldea indartuko dute eta euren ekarpena oso lagungarria izango da kategoria indartsu horretan.