Denboraldia bukatu da, eta beronen ebaluaketa egin ondoren, gure talde guztiak denboraldi berria prestatzen dabiltza, batzuk entrenatzaile berriarekin, eta beste kasuren batean, txapelketa nagusiagoan, aurten igoera lortu eta gero.
Errepasoagaz hasteko, aipatu behar da Tabirakoko emakumeen talde nagusian entrenatzaile aldaketa egongo dela, Alberto Molinak bere zikloa amaitu ostean. Maila handia uzten du, taldea oso ondo landuta eta berriztatuta.
Tabirakoko mutilen talde nagusian ez da entrenatzaile aldaketarik egongo, baina jokalarietan bai, Oinatz Menikak, Iñigo Igarzak eta Mikel Agirrek bere lekua uzten baitute, urte askoan taldeko jokalari garrantzitsuak izandakoak. Horri aurre egiteko, Tomás de Castrok jokalari gazteak sartu beharko ditu taldean.
Azkenik, eta lerro gutxitan, Zornotzako EBA mailan aritu diren mutilei eta Mikel Garitaonandia entrenatzaileari zorionak eman gura dizkiet. Zilarrezko LEB mailara igotzea lortu dute, urte on eta gogor baten ondoren. Zorionak, bene-benetan! Uda badator, baina oraingo egunotan lan guztia amaituta utzi beharko da; komeni da planifikazioa aurreikustea, ondoren atsedena hartzeko eta gozatzeko, eta batez ere, aurredenboraldia topera hasteko eta lantzeko. Espero dut hurrengo zutabean talde guztion berriak kontatzeko aukera izatea.