Momentu garrantzitsuak dira hauek, denboraldi erdialdialdean gaudelako. Laster definituko dira bigarren faseetarako sailkapenak, eta horrek talde bakoitzak non amaituko duen pista onak emango dizkigu. Mutilen Tabirakoko taldearen hasiera oso ona izan bazen, azkenaldi honetan egin duen beherakada handia izan da, eta goiko postuen borrokan egotetik bederatzigarren postura jaitsi da, partidu asko galduta, azkenaldian.
Egia esan, hasierako itxura eta asmoak orain beste batzuk bihurtu dira, eta helburua jaitsierarako postuak urrun mantentzea da. Ea apurka gorantza doazen eta hasierako joko eta bide onera itzultzen diren. Segi gogor! Nesken Tabirakoko taldea, ostera, alderantzizko bidea egiten ari da, eta txarto hasi baziren ere, orain gorantza doaz, eta laugarren postuan finkatuta daude. Asteburu honetan Zurt Taberna taldea hartuko dute etxean. Garaipena lortzeko gai dira, talde lanean jarraitzen badute eta bide onak dakarren konfiantzarekin. Ea horrela den.
Zornotzako EBA mailako taldea, ostera, lesioen plagarekin bizitzen ikasita, gorantza doa aurreko larunbatean Santurtziren aurkako derbia autoritate osoz irabazita. Sailkapeneko bigarren postuan jarri da, eta lesioek bakean uzten badute, denboraldia hor goian amaituko du, eta igoera fasea jokatzeko aukera izango du. Hemendik, zorionak Mikel Garitaonandiari eta talde osoari!