Amaitzen ari da abuztua eta gure talde gehientsuenak buru belarri sartuta daude aurredenboraldian. Talde guztiek orain bizi dituztenak momentu garrantzitsuak dira. Prestaketa on batek denboraldi luzea modu hobean igarotzeko indarra ematen du. Momentu gogorrak izaten dira jokalarientzat baina ezinbestekoak dira prestaketa fisiko eta taktiko hauek.
Denboraldian zehar taldea izango denaren oinarri bilakatuko dira. Tabirakoko mutilen talde nagusia, aurten ere, Lehenengo mailan izango da eta iazko denboraldia ez errepikatzeko aldaketa sakonak egin dituzte taldean: entrenatzailearengandik hasita —Tomas de Castro bueltatu da taldea zuzentzera—, jokalari berrietara. Horien kasuan, garrantzitsuenak Oinatz Menikaren itzulera eta Zornotzatik datozen Carlos Diego hegalekoa eta Forto pibota. Aurtengo taldea askoz gogorragoa da eta joan zen urtekoak ez luke errepikatu behar. Taldeak itxura ona du, baina lana gogoz egin beharko dute.
Nesken taldean ez da aldaketa handirik egongo eta, joan den urtean denboraldi ona burutu ondoren, aurten goiko postuetan egoteko taldea dela konfirmatu nahiko dute. Aurreko denboraldiko taldea oinarritzat hartuta, gazte mailatik datozen jokalarien laguntza eta indarra izango dute lagun.
Zornotza taldea goitik behera aldatu da eta oraindik ez dauka taldea itxita eta pibot eta hegaleko baten bila dabiltza. Momentuz, Carreto, Zorrozua, Duque, Arteaga, Anasagasti Izkarari, Iker Salazar basea, Mario Tobar pibota eta Toni Lorenzo hegalekoa gehitu zaizkie.