Horietako bat da Xabier Eguia, Arakaldoko enpresari entrepeneur gaztea. Urtarriletik familia zaurgarri bat mehatxatzen ari da Ezkurdiko patera-pisu batean. Algeriatik ekarri zituen Sara eta bere familia, engainaturik, 550 euroko pisu baten alokairua zin eginda, eta partekatutako etxe batean sartu zituen, bi gelatan, gelako 550 euro kobratuta eta etxea beste 3 familiarekin partekatzera behartuta. Zergatik onartu zuten tratua? Ez zutelako beste aukerarik: Xabiren amarrua ala kale gorria. Gainera, Sarak eta senideek ezin dute Espainiar Estatuan lan-kontraturik izan bertan 2 urte egin arte, eta ez dute estatutik inolako laguntzarik jasotzen. Izan duten diru-sarrera bakarra GKE batzuek alokairuaren zati bat ordaintzeko hiru bat hilabetez eman dietena izan da.
Horretantxe oinarritzen da Eguiaren negozio-eredua. 400 logelatik gora kudeatzen ditu – bere sare sozialetan dioenez . Besteren etxeak alokatzen ditu eta gelaka jartzen ditu berak alokairuan, ordaintzen duena baino askoz prezio altuagoan. Ezkurdiko etxeagatik, adibidez, 2.750 euro kobratzen ditu hilabetean. Bere maizterrak egoera zaurgarrienean dauden pertsonak dira, diru-sarrera faltak eta arrazakeria inmobiliarioak pisu partekatuegietan logela bihurtutako egongelak alokatzera bultzatzen dituztenak.
Negozio-eredu ezegonkorra da, maizter asko geratzen baitira ordaindu ezinda. Orduan, enpresariak ez ditu etxegabetze-bide judizialak hasten; matoiak bidaltzen ditu etxera, desokupazio enpresa faxistetan ikusten ditugunen tankerakoak, etxea azkar husteko. Hustu orduko, beste familia bat sartzen du etxe-txokoan eta prozesu bera hasten da: aurrezki eta laguntzak xurgatu arte mantentzen du, gero, kanpora. Miseriazko bizi-egoeretatik elikatzen den negozio-eredua da, eta miseria hori erreproduzitzen du. Okerrena da legezkoa dela, eta legezkoa izaten jarraituko duela dekretu berriarekin ere.
Inork ez du horrelako ezegonkortasunetan bizitzerik merezi; inork ez du, une batez diru-sarrerarik gabe geratzeagatik, etxetik kaleratua izaterik merezi. Milaka etxe daude espekulatzaileen eskuetan bahiturik, beraien funtzio soziala betetzera bideratuta egon beharrean, gutxi batzuk aberastera bideratuta. Hain zuzen ere, erdipurdiko enpresari honek kudeatzen dituen hainbat etxe ditugu identifikatuta Durangaldean bertan. Espekulazioa debekatu beharra dago, eta posible da, baina ez dago horretarako borondate politikorik.
Bitartean, haren ondorioei aurre egiteko presta gaitezen. Etxegabetze-saiakeren aurrean, babes eta presio soziala inoiz baino garrantzitsuagoa da. Ikusi genuen ekainean Elorrion, eta ikusiko dugu hemendik aurrera Ezkurdin eta behar den toki guztietan ere.