Denboraldi hau luzea izan da niretzat. Urtarrilaren 15ean Australiako Tour Down Under-en hasi eta Vendeeko Tourragaz amaitu dut urriaren 14an. Bien artean Frantziako Tourra eta Espainiako Itzulia izan ditut: 86 lehia egun, guztira.
Denboraldi osoan, oro har, ez naiz ondo sentitu. Beharbada, aurreko denboraldiekin alderatuta, aurten izan duten egun ahul gehien. Ez dakit zergatik gertatu den; urte denak ez direla berdinak izaten pentsatu beharko dut. Dena dela, emaitza aipagarriak ere izan ditut: Suitzako Itzuliko bigarren postua eta Espainiako Itzulian, Lagos de Covadongako etapako bigarren postua. Flanderseko klasika ere azpimarratuko nuke, bikain ibili nintzelako, nahiz eta esperientzia faltaren ondorioz, ezin izan nintzen garaipenerako lehiatu; azkenengo koskan aurreko taldetik atzera geratu nintzen.
Urtebetek askorako ematen du. Hiru sasoi puntu goren izan ditut: lehenengoa, Australiatik Lieja-Bastogne-Lieja klasikaraino, tartean Tirreno Adriaticoko klasika eta neguko eta udaberriko guztiak. Bigarren sasoi puntu gorena Madrilgo Itzulian hasi zen. Segidan etorri ziren Bayern Rundfart, Suitzako Tourra, Espainiako txapelketa eta Frantziako Tourra. Hirugarrena izan da sasoi punturik onena, alde handiagaz. Bigarrenaren hasiera ere ona izan zen, baina Frantziako Tourrera heldu eta ez nintzen sentitu espero nuen moduan. Uste dut nire bekatua tourra ehuneko ehunean hastea izan zela, orain arte beti % 90ean hasi dudanean, falta zitzaidan % 10 lehenengo astean hartzeko. Kasik amaitu zaizkit oporrak. Azaroaren 15ean hasiko dut aurredenboraldia.
*Erredakzioan itzulia