Lerro hauekin auto gidariak kontzientziatu nahi nituzke. Gidari batek txirrindulari bat aurkitzen duenean, ez da ezer gertatzen apur bat frenatu, itxaron, eta egoerak ahalbidetzen duenean aurreratzeagatik. Legeak dio metro eta erdiko distantzia utzi behar dela eta ezelan ere ez da larregizko distantzia.
Ezin duzue imaginatu zelako beldurra izaten dugun autoak gertu-gertutik pasatzen zaizkigunean. Txirrindulari batek beste edozein gidarik adinako eskubidea du errepidean zirkulatzeko, eta errespetu beragaz tratatu beharko lirateke. Txirrindulariek binaka zirkulatzeko eskubidea dute eta taldean doazen ibilgailu bat balira bezala hartu behar dira. Bidegurutze batean txirrindulari talde bat errepidea gurutzatzen aurkituz gero, azkena pasatu arte eurek dute lehentasuna eta gidariak geratu egin behar luke, errepidea gurutzatzen trailer bat egongo balitz frenatuko lukeen modu berean.
Estres handiagaz gidatzen dugula uste dut eta ahaztu egiten dugu minutu bat lehenago heltzeagatik egoera tragikoak eragin daitezkeela. Jende askori ez zaio txirrindularitza gustatuko, baina hori ez da arrazoia inori errespetua galtzeko. Orain gutxi, Euskaltel-Euskadiko Victor Cabedo taldekidea hil da entrenatzen zebilela. Berak bizia galdu du eta familia, neskalagun eta hurreko lagunak txikituta daude. Arduraz eta arretaz gidatuta ekidin zitekeen ezbeharra dela uste dut. Orain berandu da, baina berriro gerta ez dadin saiatu gaitezke. Nire doluminak eta berotasuna eman nahi dizkiet Victorren familiari eta bizia errepidean utzi duten ziklista guztiei.
(Erredakzioan itzulia)