Astarloza, Verdugo, Txurruka eta, batez ere, Samuk Tourra utzi behar izan zutenean, askok nora ezean geratu ginela uste izan zuten. Hein batean, arrazoi zuten. Zein norabide hartu hausnartu behar izan genuen eta lehiaren, borrokaren eta etapa gosearen bidea aukeratu genuen.
Harrez gero taldean geratzen ginenok askotan saiatu gara. Oraingoz ez dugu etaparik irabazi eta aukera gutxi geratzen dira, baina lehenengo hamarren artean postu bat baino gehiago lortu dugu eta hori ez da batere erraza. Erlojupekoan zeregin gutxi dugu eta Parisko etapa esprintean erabakiko da ia seguru. Beraz, barikuko etapa geratzen zaigu, Brive-la-Gaillarden amaituko dena. Ihesaldia helduko den? Esprintera erabakiko den? Aurreikustea zaila da, Tour honetan gauza arraro asko gertatu direlako; inora ez zihoazela ziruditen ihesaldiak helmugara heldu dira eta alderantziz. Baina geratzen zaizkigun indarrak orduantxe gastatuko ditugu.
Niri dagokidanez, aurrera egiten duten ihesaldiak hartu ezinik nabil. Iaz eta aurreko urteetan errazago hartzen nituen. Saiatu naiz, baina ez dago modurik. Edo saiakera hutsalak izan dira edo aurrera egin dutenetan esprinterren taldeek bertan behera bota dituzte.
Eguazteneko etapan asko sufritu nuen. Bero ikaragarria egin zuen. Tourmaleteko lehenengo kilometroetan ondo sentitu nintzen. Gustura nindoan. Baina gorako zortzi bat kilometroren faltan argiak itzali zitzaizkidan. Nahi eta ezin. Indarrak ez zeuden lekutik atera behar izan nituen etapa amaitzeko.