Urteko kirol hitzordu garrantzitsuena hasteko hilabete baino gutxiago falta da. Badator Frantziako Tourra eta denok horra begirako prestaketa osatzen ari gara. Txirrindulariok aiztoa zorrozten dabiltza. Batzuek Dauphine Liberen (Frantzian) ibili dira eta beste batzuk Suitzako Tourrean gabiltza. Lasterketa biak oso onak dira Frantziako lasterketari begira prestaketa osatzeko eta sasoi puntu egokia hartzeko. Lasterketa gogorrak dira, oso azkar ibiltzen gara eta horrek erritmoa eta sasoia hartzen laguntzen du.
Suitzako itzulia amaitu ondoren, hamalau egun bakarrik geratzen zaizkit Liejan (Belgika) Frantziako Tourra hasteko eta horren aurretik Espainiako txapelketan parte hartuko dut, Salamankan. Etxean egin ditudan entrenamenduekin eta egun hauetan lehiaketa ofizialetan pilatu ditudan kilometroekin tourrera ehuneko ehunean heltzea espero dut.
Samuel Sanchez erori egin zen Dauphineko lehenengo etapan, baina ematen du ez duela ezer larririk eta bera izango da Euskaltel-Euskadiko liderra. Nire ustez, ondo badago podiumean sartzeko aukera handiak izango ditu. Niri ahal dudan guztian Samueli laguntzea egokituko zait. Horrez gainera, ihesaldiren batean sartzen saiatuko naiz, eta etaparen bat irabazteko aukerak izatea espero dut. Ikusiko dugu zer ematen duen oso interesgarri datorren Frantziako lasterketa nagusiak.
*Erredakzioan itzulia