Beste behin ere Zegama

Urtero lez maiatza heltzen den bakoitzean mendi korrikalari guztiok, dortsala izan zein ez, Zegamara begira jartzen gara. Batzuentzat lehenengo Zegama-Aizkorri delako, beste batzuentzat aurreko urteetako denbora jaisteko aukera delako, beste batzuentzat hainbat urtetan parte hartu eta gero azken Zegama izan daitekeelako, eta beste batzuentzat agian estreinakoz igoko direlako Sancti Espiritura lagun edo ezagunen bat animatzera eta telebistan hainbestetan ikusi duten giroa bizitzeko aukera izango dutelako. Bakoitzak bere arrazoiak izango ditu, baina denok munduko ilusiorik handienarekin itxaroten dugu maiatzeko egun hau, nerbioak dantzan.

Eta heldu da azkenean, maiatzak 14 aurten, eta hemen gaude berriro Zegamako plazan, nire 13. Zegama-Aizkorri korritzeko prest. Euria ari du, bota eta bota, eta abisu horia piztu ei dute gaurko. Gu 42 kilometro mendian zehar egiteko prestu gaude, eta Aizkorri aldera begira gaude, baina Aizkorri ez da ikusi ere egiten. Aizkorriko gailurreko tarterik harritsuena eta teknikoena kentzea erabaki dute antolatzaileek. Ondo harturiko erabakia, korrikalarion, ikusleen eta antolakuntzakoen segurtasuna kontuan hartuta. Urduri gaude irteeran, pozik. Euria eta hotza dira nagusi, baina Zegama jendez lepo dago. Harrigarria!

9:00etako kanpaiak! Bagoaz! Aspaldiko Zegamarik gogorrena eta ederrena niretzat. Aurten sufritu egin dut hotzarekin, baina ikusleen animoek ikaragarri berotu naute. Benetan da eskertzekoa ibilbidean egon den jendetza! Egin duen hotzarekin! Bota dituen txingorraldiekin! Korrikalarioi meritua dugula esaten digute, baina han egon egin behar da ikusten eta animatzen! Zuek bai meritua zuek!

Zorionez ez dugu erorikorik eta ezer txarrik izan eta heldu gara, osorik, helmugara. Pozarren nago eginiko lasterketarekin eta bizi izan dudanarekin. Datorren urtean berriro bueltatuko gara Zegamara!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!