Kirioak dantzan eta odola bor-bor

Maiatzaren 25ari begira, mendi lasterkariok kirioak dantzan ditugu, odola bor-bor irakiten jartzen digun mendi lasterketa jokatuko baita egun horretan: Zegama-Aizkorri maratoia. Badira hilabete batzuk Euskal Herriko mendi lasterketen denboraldia hasi zela, eta lasterketa asko korritu badira ere, domeka honetan dugu benetako hitzordua.

 Korrikalari askok eta askok domeka honi begira egin dute prestaketa urte hasieratik. Facebooken zein beste sare sozial askotan pil-pilean dagoen gaia da; zein korrikalari datorren, ea irabazleak denbora jango dion iazko markari, euskaldunen artean zein izango den azkarrena (mutil zein nesketan)…

Ni ere irrikan nago egun handirako, jakina. Iaz kale egin nuen, haurdun egon nintzelako, baina, aurten, lasterketa honek sortzen duen zirrara sentitzeko ilusio osoz nago berriro. Eta aurtengo ilusioa berezia da. Ez naiz ez sailkapenari, ez markari begira egongo. Domekan  nire motibazioa beste bat izango da. Gozatzera irtengo naiz. Alluitz semearen eta familiaren beroa sentitzearekin ni konforme.


Hala ere, beti dago nork animatu, zalez josita egoten baitira Otzaurte, Aratz, Sancti Spiritu, Aizkorri, Urbia, Andraitz eta Zegama bera, besteak beste. Zaleek eurek ere kirioak dantzan izango dituzte eta odola borborka, ziur nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!