Baina badakigu lasterketa bakoitza antolatzeak zer motatako lana dakarren? Guk, korrikalariok, entrenatu, lasterketak ahalik eta ondoen prestatu, izena eman, eta lasterketa egunean antolakuntzak jarritako orduan agertzearekin nahikoa dugu. Dortsala jarri, eta aurrera. Bakoitzak duen onena emango du.
Nekezagoa da, ostera, lasterketa bera antolatzea, galtzak bete lan eskatzen baitu: ibilbidea aukeratu eta neurtu, udalarekin eta abarrekin hitz egin, eta beharrezkoak diren baimenak lortu, boluntarioak bilatu lasterketa egunean bertan zein lehenago egin beharreko lana egiteko, diru-laguntzak lortu lasterketaren azpiegitura osoa ordaintzeko eta abar. Antolakuntza lanetan dabilenak baino ez daki zer nolako lana eskatzen duen. Eta zer esanik ez antolatu beharreko lasterketa Euskadiko Kopako edo Munduko Kopako zirkuituan sartzen bada. Ofizialtasun horrek konpromiso maila handiagoa eskatzen du.
Argi dago, beraz, ezingo genukeela lasterketez gozatu, aipatutako lan “ezkutu” hori norbaitek egingo ez balu. Eskerrik asko antolakuntzan dabiltzan guzti-guztiei.