Lasterketa guztietan, lehiaketa diren heinean, irabazle bakarra egoten da, helmugako lerroa lehenengo igarotzen duena. Hark bakarrik irabaziko du txapela (bakoitzak bere kategorian, jakina). Txapel bakarra izatera, helburu eskuraezin bihurtzen da gehienontzat. Zein da orduan lehiatzera bultzatzen gaituen helburua? Nire kasuan oso gaztetan hasi nintzen lasterketa munduan, hasieran atletismoan, eta, azken urte hauetan, mendiko lasterketetan. Umetan ez dago helburu zehatzik: lagun artean goiz polita pasatu, eta, lasterketa amaitu eta gero, bokata eder bat jan. Eta domina bat lortuz gero, ezin hobeto.
Urteak pasatu ahala, eta adinean aurrera egin ahala, jabetzen gara lehiaketa zer den, eta zergatik lehiatzen garen. Hori bai, lasterketa ona egitea da helburua, ahalik eta postu onenean bukatzea, eta, noski, ahal izanez gero, irabaztea. Baina gerora, urteetan hainbat lasterketatan parte hartu eta gero, eta, batez ere, mendiko lasterketetan ibili eta gero, hasierako helburu handi eta bakar hura helburu xume eta arrunt bilakatzen da, niretzat bai, behintzat. Zergatik hartzen du parte horrenbeste jendek Euskal Herrian mendiko lasterketetan? Irabazteko? Ezetz esango nuke. Bertako giroa, lagunartea, mendi ingurua… Lehiatu bai, baina beste era batera. Helburua: goiz zoragarri bat igarotzea ingurumenaz eta lagunarteaz gozatuz.