Heldu da uztaila eta berarekin batera aspaldian espero genituen beroa eta eguraldi ona. Harrigarria bada ere, denboraldi honetako mendiko lasterketak hasi zirenetik, sei bat hilabete igaro dira dagoeneko. Negu-neguan hasi ziren lehen lasterketak, eta orduan, lasterkariek hotza izan zuten bidelagun, eta elurra ere bai hainbat kasutan. Orain, ostera, bero itogarriarekin egin behar aurre kilometroei.
Aldea dago, bai, eguneroko entrenamendua bost edo sei graduko tenperaturarekin egin, edo hogeita hamarrekin. Emaitzak ere hotz-beroaren araberakoak izaten dira sarri askotan. Batzuek hotz-giroa dute nahiago, eta ezin hobeto moldatzen dira tenperatura baxuekin. Tenperaturaren gorakadarekin, ostera, euren gainbehera dator, emaitzei dagokienean, behintzat. Beste batzuei, aldiz, kontrakoa gertatzen zaie. Denboraldi hasieran, hotzak gogortuta edo, nekeza egiten zaie erritmoa hartzea. Beroaren zain egoten dira, narrastiak bezala, eguzkiaren beroak susperraldia dakarkielako.
Hortxe dago korrikalari ona izateko gakoa. Negu zein uda, hotz zein bero, ezinbestekoa da erregularra izatea denboraldi osoan. Baina hori ez dago edozeinen esku. Gorputzaren mugak onartu behar ditugu. Goi-mailako kirolari gutxi batzuek, ostera, badute gaitasuna denboraldi osoan punta-puntan egoteko. Mendi lasterketetan, behintzat, badago bat aparteko dohainak dituena: Kilian Jornet. Eta bejondeiola!