Beste urtebetez, heldu da egun handia, Zegama-Aizkorri maratoia. Mendiko lasterketen artean nagusia da, zalantzarik barik, korrikalari denek korritu nahiko luketen lasterketa magikoa. Mundu osoko lasterkaririk onenak etortzen dira Zegamara egun seinalatu eta berezi honetan. Zoramena izaten da! Magikoa bezain gogorra da, baina, 42,195 kilometro ditu.
Zegaman hasi eta Aratz, Aizkorri eta Andraitz mendiak igaro ostean, Zegaman amaitzen da. Baina ez du gogortasunak bakarrik egiten berezi Zegama-Aizkorri mendi lasterketa. Bertan sortzen den giroak egiten du magiko maratoi hau. Milaka ikusle batzen dira ibilbide osoan beren lagun eta familiartekoak animatzeko. Batez ere, Aizkorriko tontorrean biltzen da jende gehien. Ikusgarria eta zirraragarria da bertan bizitzen dena. Eta lasterketa ikustea zoragarria bada, zer esanik ez korritzeko aukera izatea, jende guztia norbera animatzen, oihuak nonahi… Beste inon bizi ez diren momentuak.
Eta berdin dio zenbatgarren aldiz korritzen duzun, urte bakoitzean zirrara eta emozioa berdinak dira. Aurten ere hala izan da, eguraldi ezin hobearekin irten dira korrikalariak Zegamako irteeratik, eta ikuskizun polita eskaini digute. Goraipatzekoa Kilian Jorneten seigarren garaipena, eta aurreneko bost neskek lortutako denborak, ikusgarriak denak. Aipamen berezia merezi du baita ere, gure Euskal Selekzioko kideen jardunak, maila handia eman baitute aurtengoan. Zorionak guztiei!