Euskal selekzioa Otañesen

Aurreko igandean, apirilak 21, jokatu zen Otañesen Espainiako Kopako lehen proba, eta gure neska-mutilek bikain erantzun zioten denboraldiko lehen erronka garrantzitsuari

\"\"Aurreko igandean, apirilak 21, jokatu zen Otañesen Espainiako Kopako lehen proba, eta gure neska-mutilek bikain erantzun zioten denboraldiko lehen erronka garrantzitsuari.

 

Lasterketa luzea eta gogorra da Otañeskoa; hogeita hamalau kilometro ditu, eta 2.100 metroko malda positiboa. Majo sufritu zuten denek, baina lortutako emaitzek merezi izan zuten. Batez ere gure neskek lortu zituzten emaitzarik aipagarrienak. Aitziber Ibarbia podiumera igo zen, bigarren sailkatuta. Hasieratik aurreko postuetan ibili eta lasterketak aurrera egin ahala hobetzen joan zen. Hogeita seigarren kilometroan jadanik bigarren finkatuta, podiuma lortu zuen. Bere atzetik, Nerea Amilibia sartu zen, laugarren postuan, eta minutu batera Elena Calvillo, bosgarrenean. Borroka polita izan zuten Nereak eta Elenak lasterketa osoan, elkarrekin joan ziren momentu oro, azkenengo bi kilometroak faltan Nereak erasoa jo zuen arte.

 

Mutiletan, berriz, Hassan Aitchaou izan zen onena, bosgarren postuan sailkatuta. Honek ere lanak izan zituen azken kilometroetan. Kolpe baten ondorioz, min hartu zuen eskuineko hankan eta podiuma eskura izan bazuen ere, azkenean bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Bere atzetik Aritz Egea sartu zen, seigarren. Oso lasterketa erregularra egin zuen Aritzek, beti aurreko postuetan kokatuta. Atzerago Imanol Goñi sailkatu zen, hamahirugarren postuan, eta hogeigarrenean Oier Ariznabarreta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!