Beste denboraldi bat

Hamar urte dira jada mendi lasterketen munduan sartu nintzela. Ikaragarri aldatu da kirol hau hamar urteotan. Mendi lasterketetan hasi nintzenean, ez ziren batere ezagunak, eta banaka batzuk baino ez ziren antolatzen Euskal Herrian. Korrikalari gutxik hartzen genuen parte, “zoro” koadrila batek, zelanbait esateko

\"\"Hamar urte dira jada mendi lasterketen munduan sartu nintzela. Ikaragarri aldatu da kirol hau hamar urteotan. Mendi lasterketetan hasi nintzenean, ez ziren batere ezagunak, eta banaka batzuk baino ez ziren antolatzen Euskal Herrian. Korrikalari gutxik hartzen genuen parte, “zoro” koadrila batek, zelanbait esateko.

 

Gaztetan atletismoan ibili nintzen. Sei urtetxo izango nituen nire lehen krosa korritu nuenean, eta hamazortzi urte bete arte aritu nintzen. Baina, batez ere mendia izan dut beti buruan, txikitatik gehiago. Makina bat txango eta mendi-buelta egin nuen neskatotan gurasoekin, ia astebururo. Eta gogoeta hauxe egin nuen geroago: “Zergatik ez korrika eta mendia uztartu”? Horixe bera pentsatu zuen Eneko nire koinatuak, eta berak animatuta hasi nintzen.

 

Nire estreinaldia Azkoitiko mendi maratoi erdia izan zen. Hogei bat izango ginen irteeran. Neskak, hiru bakarrik. Ikusleak ere gutxi, familia artekoak eta lagunak, batez ere. Baina oroitzapen eder-ederra daukat: mendian gora eta behera, arineketan ahal zenean eta oinez hauspoa betetzen zenean. Harrezkero, urtero ekin diot bide horri, mendia beste era batera gozatuz. Harritzekoa da kirol honek urteotan izan duen bilakaera. Orduko zapatillak eta gaurkoak, arropa, entrenatzeko era… Kontuak kontu, bertan dugu 2013ko denboraldia, eta aurrera!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!