Ikusezinak dira 30-40 gaztez osatutako taldeak entsegu duin bat egin dezan egin beharreko maniobra guztiak, ingeleseko partikularren edo futbol entrenamenduen kontra borroka egitea gerra galdu bat den garai honetan. Goizeko 9etan lanean hasi, eta goizeko ordubata arte oheratzen ez diren irakasle zein teknikarien atseden falta, ikusezina da. Frontoia umez beteta eta 16:30etako jolastokiko zarata, entsegua amaitu ezinda etxera buelta burumakur egitea, etapa ezberdinetako irakasleak ados jartzeko egin beharreko esfortzua, konpartsa eta barruko antzerki taldearen arteko liskarrak, mutilek ezpainak pintatzea, edo neskek ikaragarrizko abilezia izatea hankapalotan ibiltzen… hori guztia ikusezina da.
Dragoia egiteko Naiarak sartu dituen ordu guztiak inork ez ditu ikusten; ostiral eta larunbatean 40 gaztek Antzokia ondo trata dezaten Maite, Arantza eta Markelek egindako lana nork ikusi du? Lehenengoz, konpartsaren baten ardura hartu du Zurinek aurten. Biba Zu(ri)! Eta biba Ikastolako Antzerki Proiektuan sinisten duzuen guztiok, zuen ordutegiak eta plangintza aldatu duzuen ikusezin guztiok (DBHko irakasleak, batez ere zu, Garbi).
Badira ikusten diren lan eta ametsak ere. Ikusten dira Idoiaren esku magikoetatik pasatu diren jantzi ikusgarri bakoitza. Ikusten da Amaiak bere tripen barru barrutik egindako lana; ikusten da Txotxek 30 urte luze eta gero, proiektuarengan sinisten jarraitzen duela (Biba zu, kamarada!) eta ikusten dut izerdi eta negar malko guztiek merezi dutela, horrelako jendeak duela 30 urte baino gehiago sortu zen proiektu batengatik lanean jarraitzen duen bitartean.