Ane

Aurtengo Gabonetan sarri samar errenditu naiz sofaren altzoan eta suertatu zaizkit ETB-ren enegarren errepikapen horietako zenbait. Bazkaloste batean Euskaldunak saioa tokatu zitzaidan; Hasier Etxeberria egongela elegante batean Bernardo Atxaga, Ane Igartiburu (Anboton ‘n’ bakarrarekin, ezta?) eta Hilario Arbelaitz elkarrizketatzen. Igartiburu ari zen berbetan: paparazziz inguratuta bizitzea zeinen gogaikarria den, zelan jendeak berari buruzko irudi okerra duen… Hamar minutura orduko aldatu nuen katea enpatxuak jota (ez dakit bazkaritako kroketa eta turroiengatik edo programa haren azukreagatik izan zen).


Handik bizpahiru egunera, hara non, ostera ere, Anerekin topo egin nuen. Ordukoan, baina, TVE 1-en; aste pare bat lehenago Rajoy eta Sanchez jarri ziren besaulki berean, Bertin Osbornerekin berriketan. Egia esanda, beti izan diot halako sinpatia bat neskari; umetan kuttun nituen ETB-ko telesailetan agertzen zelako, Elorriokoa delako edo… ez dakit. Eta han hasi nintzen margarita eskuan hartuta petaloei banan-banan tiratzen: maite dut, ez dut maite… Bigarrenez entzun nion jendeak berari buruz uste duena ez datorrela bere izatearekin bat. Hainbestetan esateko, egia izango ote zen pentsatu nuen une batez. Gerotxoago, bere ibilbidean zehar eman duen albisterik pozgarriena zein izan den itaundu zion Osbornek: “nire lagun Feliperen koroatzea”.  Putz egin nion margaritari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!