Retolazak azaldu zuen lez, poesia soziala eta politikoa maskulinitatea eraikitzeko modu bat izan dira, bilbotarraren esaldi gogoangarrienak horren adibide: “Egia bat esateagatik, alabak hil behar bazaizkit, andrea bortxatu behar badidate, etxea lurrarekin berdindu behar bazait (…) ez naiz isilduko.”.
Nola literaturan, hala gerran, lurraren konkista sarri parekatu izan da emakumearen gorputzaren inbasioarekin eta gaur egun, oraindik, biolentzia sexuala da gerrarako armarik erabilienetakoa. Gurean ere, zergatik hitz egin da hain gutxi 36ko Gerra Zibilean bortxatu zituzten ehunka andrazkoez? Arestiren pasarte horretan agertzen den moduan, gizonezkoen ohorea zegoelako jokoan.