Hariaren bideak

Bilbo lainopeko zapatu batean. Guggenheimen atarian ehunka turista sartu-irtenean, esku batekin guardasolari eta bestearekin mugikorrari helduta selfy-ak ateratzen. Museoaren barruan bisitariak atzera-aurreran: katalanez, frantsesez, italieraz, ingelesez, gaztelaniaz… Berbaroa. Lehenengo solairuan, Film & Video aretoa ilunetan. Aretoaren buelta osoan ikusleak isilik-isilik. Korroaren erdian instalazioa: hiruki bat osatzen duten hiru pantaila handi. Pantailan kafe koloreko esku zimurtu bi. Atzamar okertuen artean zotz luze bat jira-biraka. Eta zotzaren bueltan, haria, hari zuri eta mehea. Xumea bezain inpaktantea irudia.

Kimsooja artista hego korearrak 2010ean hasi zuen Hariaren bideak izeneko proiektua: josteari buruzko sei kapitulu filmatu gura ditu, bakoitza munduko txoko batean, eta ondoren ehungintzaren elementu performatibo horiek guztiak mosaiko batean elkartu. Kapituluotako hiru, Perukoa adibidez, Bilbon emango dituzte datorren uztailera arte.

Esku zimurtu haiei begira nengoela, Mari Luz Esteban antropologoari oraintsu entzundakoarekin akordatu nintzen. Arduratuta ei dago Euskal Herrian metafora onak falta ditugulako: “Hari gara” (EH Bildu), “Jostorratza eta haria dantzan ditugu” (Bilgune Feminista), “Erabakia ehuntzen” (Gure Esku Dago), Sare (izena bera)… Estebanen iritziz, jostea (ehuntzea, zein sartzea) ez baita zer berriak sortzea, ezpada zaharrei forma berriak ematea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!