Trapezioko artista

Trapezista batek gau eta egun trapezio gainean egon ahal izateko moduan antolatu zuen bizimodua. Egunero igotzen zioten otzaratxo bat jan-edanarekin eta lurretik begiratzen miresmenez. Apenas zeukan harremanik ingurukoekin, are gutxiago zirkutik kanporako munduarekin. Halantxik bihurtu zitzaion hasierako perfekzio nahia ohitura tiraniko.

Lekualdatzeren bat egin behar zutenero, nagusiak treneko konpartimentu bat alokatzen zuen trapezistarentzat, eta hantxe joaten zen bera, sabaipean, maletak eta fardelak eroateko sarean uzkurtuta. Bidaia amaigabe haietako batean, negarrari eman zion, eta ugazaba hurreratu zitzaion, bagoiko jarlekuaren gainera igota. Trapezistak aieneka erregutu zion jartzeko mesedez bigarren trapezio bat, eraikitzeko arren albait arinen, bakarrarekin bizitzea jasanezina egingo zitzaiola-eta. Nagusiak baietz esan zion, egoteko trankil, baina hura baretzen ez. Halakoren batean hartu zuen loak. Arduratan begiratzen zion ugazabak, artista obsesio haiek gainditzeko gauza izango ez zelakoan. Eta bat-batean, hara non konturatu zen trapezistaren bekokian lehen zimurrak agertzen hasita zeudela. Franz Kafka.

Kafkianotzat jo dute askok joan zen asteleheneko polizia operazioa. Kafkianoa da konplikatua, absurdoa. Absurdoa da irrazionala, zentzunbakoa. Guretzat. Madrilgo trapezista buru-koadratuek sabaipeko sarean gotortuta jarraitzen baitute. Baina bien bitartean, trena aurrera doa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!