Aukeratuak barkamen hitzak bere “hutsuneagatik” lehen agerraldian. Hautatzaileak justifikazioa bigarrenean: “Euskaraz ez, baina ingelesez bikain moldatzen da…”. Eskerrak! Orduan zalaparta bete-betean, zer egiten dugu? Elkar jo. Han dator hautatzailearen kidea ezpata zorroztuta, berehala konpondu beharreko akats larri bat izan dela esanez. Orduan bai, askoz lasaiago denok.
Badabil bideo bat sarean egunotan, lau minutu eta erdiko irakaspena. Neska ezpain-gorri batek segurantza handiz aurkezten du bere burua: “Maria naiz, Greziakoa. 22 urte ditut, eta euskara ikasten dut neure kabuz. Ez naiz inoiz Euskal Herrian egon, baina 2013ko udan bertako neska bat ezagutu nuen, eta euskaraz entzun nuenean txundituta geratu nintzen…”. Maria gure hizkuntzarekin berehala maitemindu zen inondik ezagutu gabe; aldiz, Berastegui jaunak orain artean ikasteko grinarik izan ez badu (nahiko adierazgarria da hori), gutxienez zalantzan jartzeko modukoa hemendik aurrera egin dezakeena ere.
Bada ia hilabete gure politikarien artean sua piztu zenetik. Baina pasa dira asteak, eta, hizkuntzaren auziarekin maiz gertatzen den bezala, zer geratu da? Kea. Bada, ez, ni behintzat ez nago lasai.