Aldiz, kantu batetik bestera isiltzen zirenean, indarra galtzen zuen sorginkeriak; zuberotar itxian berbetan zutenez, apenas ulertzen baitzitzaien ezer. Entzule gehienok berriztarrak ginen, asko auzoko edadetuak. Andikoako andreak harridura aurpegiarekin ikusten nituen: batzuek pentsatuko zuten kantariak ez zirela euskaraz ari, beste batzuek eurak zirela euskaraz ez zekitenak… Ez dakit okerragoa zer den, baina edozelan ere, zerbaitek huts egin zuen. Zerbaitetan huts egiten dugu.
Askoren begietan euskara batuak artifiziala izaten jarraitzen du oraindik, eta geure jatortasuna defendatu beharraren defendatu beharraz, tranpan erortzen gara: txokokerian. Uda sasoiaren atarian gauden honetan, esaterako, laster hasiko dira bateko eta besteko egitarauak agertzen. Ez daukagu argi ordea edozein herriko jaixetan, jaijjetan edo jaidxetan izango garen zoriontsu, eta nahaste galantak ikusten dira hor zehar. Gure herriak zatituta aurrera nekez egingo duela argi dugun bezala, zergatik kostatzen zaigu hainbeste, hizkuntzarekin bakoitzak gura duguna eginez gero, zulora goazela ulertzea? Erresistentzia ez da banatzea, baizik elkartzea.