Seinale ona

Ederra da zinemako argiak itzali eta apurka-apurka beste lurralde, egoera, gorputz edo pentsamendu batzuetan barneratzea; baita bide batez norbereetatik urruntzea ere. Lantzean behin izaten dira dena delakoagatik oihartzuna lortu eta takiletara ilara luzeak ekartzen dituzten filmak.

 

Baina, oro har, hirietan, herri handi zein txikietan, aretoak ia hutsik egoten dira: bikote pare bat, zenbait zinefilo eta iluntzerako plan hoberik izan ez duen bakanen bat. Antzerkigintza ez dut horrenbeste ezagutzen, baina uste dut gehiago izango direla han ere giro intimoko emanaldiak, jendetza handiari eskainiak baino. Maiz jartzen naiz pantailaren atzean zein teloiaren aurrean aritzen diren aktoreen larruan: zer sentitzen ote dute prestakuntzetan orduak eta orduak egin ondoren, ikusle gutxi batzuk gerturatzen zaizkienean? Edo are, sarrera nahikoa saldu ez, eta ekitaldia bertan behera gelditu denean?

Bestalde, nola eskatuko diozu langabezian dagoen gazteari, film bat ikusteko zortzi euro ordaintzea, etxean debalde daukanean? Edo nola eraman nerabe bat zinemara bi ordurako, whatsapp-etik jasotzen dituen minutu bitik gorako bideoak luzeak iruditzen bazaizkio? 

Lehengo batean hamasei urteko gazte bat libururen bat irakurtzeko konbentzitzen saiatu nintzen, eta argumentu barik utzi ninduen. Belaunaldi berriak datoz eta eurekin batera sortzaileen beldurrak, krisiak, hutsuneak, gogoetak… Seinale ona; bizirik gaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!