Udaberrian ospatuko den Eurovision festibala dela eta, hautsak harrotu dira azken asteotan. Austriak Conchita Wurst artista transexuala izendatu du bere ordezkari, baina jende asko agertu da hautaketa horren aurka, eta zenbait herrialdek lehiaketan ez parte hartzeko mehatxua ere egin dute.
Izen artistiko femenino horren atzean, Tomas Neuwirth kantaria dago: emakumez jantzita eta orraztuta oholtzaratzen da, emakume gorpuzkeraz, emakumeek bezala kantatuz, mugituz… Baina bere izatea alboratu gabe, bizar beltz-beltza luzitzen du errimel eta karmin gorriarekin batera. Eta, noski, gizarteak eredu estandarretatik at dagoen guztiari erantzun ohi dion bezala erantzun dio: ukapenarekin.
Den orok, etiketa bat behar duela dirudi. Zergatik estutzen gara horrenbeste gauzak izendatu, sailkatu, banatu, definitzen? Ezkerrekoa edo eskumakoa, laguna edo etsaia, zuria edo beltza, neska edo mutila… Beste esparru askotan lez, generoaren kasuan ere txanponaren alde batean edo bestean kokatzen irakatsi digute, hari luze batean geure lekua aurkitzen barik. Batzuk hariaren muturretan egongo dira, baina beste askok tartean dagoen continuum luzea osatzen dute; izaeraren, momentuaren edo begiratuaren arabera maskulinoago edo femeninoago sentituz.
XXI.mendeko Europa homofoboa. Gabiltzan kontuz ustez gainditutzat ditugun arazoekin, zeren noizbait alfonbra altxatu eta azpian ezkutatu dugun zikinkeria guztia ateratzen bada…