Irailaren 29an abiatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Dagoeneko irakurriko zenuten non edo han txapelketari buruzko informazioa: bertsolariak, kanporaketak jokatuko diren herriak, sarrerak nola eskuratu… Baina aditu bati entzun genionez, bertsolaritzan esaten dena bezain garrantzitsua da esaten ez dena, elipsiarekin bertsolariak iradokitzen duena.
Bada, txapelketarekin antzeko zerbait gertatzen da, bai baitira prentsaurrekoan aitatu ez arren, lehiaketa hori bene-benetan berezi egiten duten alderdiak.
Parte-hartzaileok hasita gaude han-hemenka lokal txiki edo txokoetan elkartzen, entrenamenduaren aitzakian lagunarte ederrean egoteko asteroko zita noiz iritsiko. Plazetan ere, publikoaren gozagarri, igartzen da nor ari den etxerako lanak fin-fin egiten; haren errima berezi, honen doinu luze... Bertso eskoletako umeek jakin-minez astintzen dute txapelketako eskuorria: “Hau nor da?” edo “hori nongoa da?”. Bertsozaleak ostera, egutegian saioak markatu, eta ariko dira honezkero Euskal Herria alderik alde zeharkatzeko antolatzen: Altsasu, Oion, Markina, Donostia, Maule… Eta etxean, esaten ez diguten arren, urduritzen hasita egongo dira hainbaten bertsolarion guraso, bikote eta lagunak: “Aurten zer egingo ote digu?”.
Ez dakigu. Ez dakigu aurtengo txapelketan zer izango den, eta horrexegatik gonbidatzen zaitugu hitzez adierazi daitekeen guztiaz, eta bereziki adierazi ezin daitekeenaz, gurekin gozatzera.